110 urtez iraun du zutunik. Gernika-Lumoko bizilagunen hainbat belaunaldi ikusi ditu hazten. Gure herriaren industrializazioaren testigu ere izan da. Eta, nahiko modu harrigarrian, 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor Legioaren eta Italiako Aviazione Legionaria-ren hegazkinek ez zuten lortu bonbardatzea. Orain, 110 urte geroago, nazioarteko saltoki handi batek eraitsi egin behar du Los Pirineos fabrikako ur-biltegia, Gernika-Lumoko Udalaren baimenarekin.

Urriaren bukaeran jakin genuen Los Pirineos fabrika zaharraren ur-depositua bota behar zutela, Gernikako LIDL supermerkatua handitzeko lanak direla eta. Horregatik, Gernikazarra eta Gernika Batzordea elkarteekin batera, hainbat gutun bidali genituen Lidl-en bertako zein atzerriko egoitzetara, ur-depositua ez botatzeko eskatuz.

Ez genuen erantzunik jaso, harik eta gaia komunikabideetan eta interneteko sare sozialetan agertu zen arte. Orduan, Lidl enpresak eta Udal gobernuak gutuna idatzi genuen elkarteekin bildu nahi izan zuten. Bilera egin zen eta bilera horretatik ondorio hauek atera eta eskakizun hauek egin nahi ditugu:

  1. Los Pirineos fabrika zaharreko ur-biltegiaren inguruan LIDL enpresak egindako proposamena ez da nahikoa. Ur-biltegiaren goiko ontzia soilik mantentzea proposatzen dute, eta biltegia lekuz aldatzea. Baina eraikuntza honen balioa bere ontzia lekutik mugitzea baino harago doa; bere altuera, tamaina, egituraren presentzia, paisaian sortzen duen erreferentzia, eta bereziki bere izaera eta historia dira mantendu behar direnak. Bere osotasunean dauka balioa eraikuntzak.
  2. Egoera honen ardura Gernika-Lumoko Udalarena da. Udalak eman zion baimena LIDL enpresari Gernikan duen saltokia handitu eta biltegia botatzeko.

    Guk urriaren bukaeran gutunak bidali baino lehenago, Udalari hainbat kontsulta eta eskakizun egin zitzaizkion Los Pirineos-eko ur-biltegia babesteko. Eskakizun guztiei erantzun izan zaie ezinezkoa dela, biltegiak ez duela baliorik, bota egin behar dela, arrazoi teknikoak tarteko. Kasualitatea da orain, gaia publiko egin denean, berritasuna etortzea: badago zerbait mantentzeko aukera.

    Baina kontua lehenagotik dator. Udalak elkarte eta historialarien proposamenak kontuan hartu izan balitu, orain ez geundeke egoera honetan. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko egindako bileretan parte hartu zuten elkarte eta historialariek, eta argi zehaztu zuten zein ziren bonbardaketa aurreko eraikinak, hau da, zer eraikin babestu beharko liratekeen, tartean Los Pirineos-eko ur-biltegia. Baina HAPO kaxoi batean sartua dauka Udalak. Beraz, memoria kontuetan Udalaren egiteko moduek ekarri gaituzte egoera honetara.
  1. Udalak tresnak sortu eta neurriak hartu behar ditu gure ondareari balioa eman eta babesteko. Gernika bonbardatu zutenean eraikuntza guztien % 85 desagerrarazi zuten sugarretan. Gure ustez, egun hartatik zutunik geratu ziren eraikin apurrak mantentzea ezinbestekoa da, suntsitu nahi izan zuten Gernika horri eustea ere badelako.