Gerra guztietan, bonbekin eta errepresioarekin lurperatzen da egia eta gizarte oso bat itsu, gor eta mutu geratzen da, bertsio ofizialen morroi. Gernikako bonbardaketak erakutsi digu egia lurperatu osteko isiltasuna zigor gehigarri bat izan zela. Kazetaritza profesionala izan zen Gernikan gertatutakoaren egia lurpetik atera eta lau haizetara zabaldu zuena. Hain zuzen ere, gernikarrok asko zor diogu George Steer kazetariari eta berak bezala, gertatutakoaren berri eman zuten kazetariei.
Aurton, gatazka armatuen berri ematen ari diren kazetariak omendu, prentsa-askatasuna aldarrikatu eta askatasun horren urraketa oro salatu nahi dugu. Horretarako, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean, Oihana Goirienak, Pavel González kazetariaren bikotekideak, aktibatuko du Astrako sirena zaharra. 2022ko otsail hasieran, Errusian jaiotako nabarniztar hau Ukrainako gerra estaltzen zebilela, bertako zerbitzu sekretuek galdeketa egin zioten. Errusiako gobernuarentzat espioitza-lanak egitea egotzi zioten eta Ukrainatik Euskal Herrira bueltatzeko eskatu zioten. Hala egin zuen Pavelek baina otsail amaieran Poloniara joan zen errefuxiatuen krisiaren berri ematera. Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu egin zuten eta bertako espetxe batean dago orduz geroztik, inkomunikatuta.
Gernikatik, prentsa-askatasunaren urraketa larri hau salatu nahi dugu eta gure babes osoa eman nahi diegu Paveli eta gerretako mina argitara ematen diharduten kazetari guztiei.