Arratsaldeko 16:30 dira eta tristuraz idazten ditugu lerro hauek, egun berezi honetan. Gaur ez digute utzi Astrako babeslekua erabiltzen.
Lobak ekimenaren hamar urteko ibilbidean zehar, urtero erabili ahal izan dugu Astrako babeslekua eta makina bat jarduera antolatu ditugu bertan: memoria historikoa lantzeko erakusketak, dantzak, musika-ikuskizunak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta abar. Ekintza guztien artetik bereziena, azken urteotan Astrako sirena zaharra martxan jartzea izan da, “4 minutu” geldialdiaren baitan. Urtero, hainbat pertsona gonbidatu izan ditugu Gernikako bonbardaketan erabili zen sirena martxan jartzera. Aurten Ukrainatik iritsitako errefuxiatuak eta Ina Robles (Saudi Arabiara zihoan arma-kargamentu bat zaintzeari uko egin zion suhiltzailea) izan ditugu gonbidatu. Baina gaur, heldu garenean, udaltzain batek jakinarazi digu ez digutela babesleku barrura sartzen uzten eta beraz, babeslekuaren sarreratik aktibatu behar izan dugu sirena.
Gaurkoa bezalako egun batean, errespetu eta sentsibilitate falta ikaragarria iruditu zaigu urtez urte egin izan dugun jarduera bat era honetara kudeatzea Gernika-Lumoko Udalak. Hau guztia gertatu omen da babeslekuari balio handiagoa emateko proiektu bat dagoelako martxan. Gure asmoa beti izan da babeslekuari balio handiagoa ematea eta ondo deritzogu Udalaren ahaleginari, baina zertarako balio du proiektu horrek guk, bonbardaketa sufritu zuten pertsonen ondorengook, babeslekua erabili ezin badugu? Zertarako balio du memoria lantzeko ekimenetarako erabili ezin badugu? Eta zer zentzu dauka gaur zutik geratu diren hiru babeslekuak itxita egoteak? Era berean, gogorarazi nahi dugu -egin dezagun memoria-ariketa bat, batzuentzat deserosoa izan arren- Astra berreskuratzeko ahalegina egin zuten gazteei esker dagoela zutik Astrako babeslekua, 2006az geroztik. Astrako babeslekua gernikar guztion ondarea da eta denok izan behar dugu hura memoria-ariketa egiteko erabiltzeko aukera.
Gure ustez, bonbardaketaren urtemuga doluan bat egin eta gertatutakoaren memoria transmititzeko unea izan behar da, eta ez pertsonalismoz eta interes propioen arabera jardutekoa. Espero dugu bihartik aurrera herritar guztiek babeslekua erabili ahal izatea eta berriro horrelakorik ez gertatzea. Gernikako Lobak beti gaude elkarlanerako prest.