Irudi batetik bestera, argazki batetik ondorengora, kontakizun batetik hurrengora. Memoriaren transmisio katean, argazki bat, leku bat; Gernika bonbardatua. Bonbardatzen ari ziren momentuan. Momentu horretako argazki bakarrenetakoa.

Amaia Badiola eta Usoa Uriberen egitasmo artistikoa da Belaunaldien Inprimatzea.

Memoriaren transmisioa oinarri bezala hartuta, transmisio horren errepresentazioa izan nahi du ikus-entzunezko proiektuak.

Horretarako, teknika moduan, argazkiari kopia bat egingo zaio, lehen belaunaldiko kopia deitu ohi dena. Ondoren, beste kopia bat egingo zaio bigarren belaunaldikoa, eta azken kopia bat, hirugarren belaunaldikoa. Hiru kopia ezberdin, hiru belaunaldi; amuma, ama eta alaba.

Usoa Uribe, Borja Iglesias eta Mariano Hurtado musikariek egin dute ikus-entzunezko piezaren musika. Soinu bandan erabilitako musika-tresnak pianoa, gitarra eta kontrabaxua dira. Argazkien progresioa ikusita, musikak ere aldaketak edo bariazio mota desberdinak ditu.

Argazkia Joseba Elosegiren artxibo pribatutik aukeratua izan da. Gernikako bonbardaketaren egunean Saseta batailoiaren kapitaina zen Elosegi, bonbardaketaren lekuko ezinbestekoa. Askatasunaren bila, heriotzaren eta bizitzaren arteko muga mehean bizi zen sarritan Joseba Elosegi, Francoren aurrean bere buruari su emateraino. Argazkia Faustino Pastor “Basurde”-k atera omen zuen Joseba Elosegirekin batera zegoela.